XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldizk.- Tresna gehiagorik ere erakutsi digu gure erlezain artetsuak: barroaren kontrola eramateko erlauntzaren azpiko xafla, uralita leunez egina; alanbre mehaska bat bi helduleku dituena, erlerik hil gabe barneko tapa eztiz josita dagoenean libratzekoa, erlauntzak lurrean kokatzeko zurezko oinarri sendoak... Hauek guztiak ideiatzeko nondik eta nola argibideak jaso izan ote ditu gizon honek?

Ant.- Belgikan banuen koinatu bat eta hark marrazki eta gauza asko bidaltzen zizkidan garai batean.

Aldizk.- Antonio, nondikakoa duzu zuk erleekiko zaletasun hori?

Ant.- Esango dizut. Ni Altzueta baserriko semea naiz. Gure sortetxean bazen, etxetik oso urruti gabe, Erletegia izeneko leku bat. Aitona zen erlezaina gurean, aita gero eta gero anaia eta biok, baina honek utzi zionetik nik jarraitu dut. Horrela osatu izan da belaunaldiz belaunaldi katea gurean.

Aldizk.- Konta iezaiguzu nola ibiltzen zineten orduan erleekin.

Ant.- Benetan aberatsa zen gure etxe ingurua gu haurrak ginelarik. Orduan bazen han, eta nonahi, gaztaina, akazia, sagarra... Ni oroitzen naiz kea egiteko behi-gorotza erabiltzen zela. Behien taloak biltzea nire eginkizuna izan ohi zen, eta askotan oinutsik ibiltzen nintzen behi-talo lehorrak biltzen. Hausporik ez genuen, padera zaharrean (zartagia) sua egiten zen. Halako zorro bat burutik behera jantzi eta beste gabe aritzen ginen erleekin lanean.

Aldizk.- Orduko erleak ere ziztatzaileak izango ziren, bada, ezta?

Ant.- Bai, noski. Baina gauza bat kontuan eduki behar da: erlea eta polizi-zakurra antzekoak direla. Libre dabiltzanean ez dute ezer egiten Erlea lorez lore dabilenean edo, esaterako, erlategi inguruan ezti hondakinak jarri eta jatera datozenean, ez dute ezer egiten. Eta gozo-gozo tratatzen badituzu ere ez.

Aldizk.- Erlea nonahi izango zen garai haietan, enbor zahar, pareta zulo... eta horrelakoetan ala?

Ant.- Bai, bai.